Viseuko lehenengo dendaren kanpoaldea

Mercadonak hedatzen jarraitzen du: beste 10 denda irekiko ditu Portugalen 2023an

2023ko apirilaren 11
  • Mercadonak hedapen-plana gauzatzen jarraitzen du: beste 10 denda irekiko ditu, eta, urtea amaitzerako, 49 supermerkatu izango ditu Portugalen.
  • Barruti hauetan irekiko dira: Porton (3), Bragan (1), Lisboan (4), Setúbalen (1) eta, lehen aldiz, Coimbran (1).
  • Denda berriek agerian uzten dute enpresak Portugali dagokionez egindako apustu sendoa. Aurreikuspenen arabera, 280 milioi euro inbertituko ditu han 2023an, eta 650 lanpostu berri inguru sortuko ditu.

Mercadona supermerkatu-enpresak Portugalen hedatzeko plana gauzatzen jarraitzen du: 2023an, beste 10 supermerkatu irekiko ditu, lehena Marco de Canavesesen, maiatzean.

Laster, lau urte beteko dira Portugalen lehen denda ireki zenetik (2019ko uztaila). Hedapen-proiektuarekin jarraitzeko asmoz, Mercadonak bi bider gehiago inbertituko du Portugalen, eta, 2023an, 280 milioi eurora iritsiko da. Inbertsio hori etorkizuneko Almeirim bloke logistikoa eraikitzera eta denda berriak irekitzera bideratuko da.

Denda berriek agerian uzten dute kateak Portugali dagokionez hartutako konpromiso sendoa, eta 650 lanpostu berri inguru sortuko dituzte urtean zehar. Lanpostu horiek egonkorrak eta kalitatezkoak izango dira, eta kontratu finkoa izango dute lehen egunetik.

Mercadona Portugalen

2019ko uztailaren 2an ireki zuen enpresak lehenengo supermerkatua, Canidelon (Vila Nova de Gaia), eta, gaur egun, 39 denda ditu Porto, Braga, Aveiro, Viana do Castelo, Setúbal, Santarém, Viseu, Leiria eta Lisboako barrutietan.

2022an ireki zituen 10 dendei esker, konpainia 737 milioi euroko salmenta-bolumenera iritsi zen, eta 93 milioi euro ordaindu zituen zergatan egoitza Vila Nova de Gaian duen Irmãdona Supermercados enpresa portugesaren bidez. Gainera, urtearen amaieran, 3.500 langile zituen, eta 140 milioi euroko inbertsioa eginda zeukan.

Gizartearengandik jasotzen duenaren zati bat harekin partekatzeko asmoz, Mercadonak handitu egin zituen 2022an gizarte-erakundeei zuzendutako dohaintzak, eta, horrela, 70 erakundetara baino gehiagotara iritsi zen: guztira, 1.900 tona premiazko ondasun eman zituen supermerkaturen bat duten barrutietan.

Infografia gaztelaniaz

Mapa: Mercadonak Portugalen dituen dendak eta 2023an irekiko dituen berriakMapa: Mercadonak Portugalen dituen dendak eta 2023an irekiko dituen berriak.

Goiburuko irudia: Viseuko supermerkatuaren kanpoaldea eta fatxada.