Mercadonak eta sindikatuek Lan Hitzarmen berria sinatu dute

Mercadonak eta sindikatuek hitzarmen kolektibo berria sinatu dute, % 6ra arteko soldata-igoerarekin

2023ko abenduaren 18a
  • Oinarrizko soldataren igoera KPIari lotuta dago, % 2,5era arte, eta, handiagoa bada, gehikuntza hori gehienez ere % 6ra arte osatuko da, konpainiaren mozkinaren helburuen arabera.
  • 2024ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Enpresako Lan Hitzarmena, eta bost urteko indarraldia izango du, 2028ra arte.
  • Sarrerako oinarrizko soldata gordina gutxienez hilean 1.507 eurokoa izango da, lanbide arteko gutxieneko soldata baino % 20 handiagoa.
  • Soldata horri, besteak beste, Ordainsari Politikaren osagarriak gehitu behar zaizkio, zeinek urteko % 11ko igoera baitakarte 5. tartera arte, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldata baino % 60 handiagoa.
  • Konpainiak aurrera jarraitzen du asteroko atsedenaldia aplikatzeko politiketan —sektorean aitzindariak—. Orain, gainera, erlauntz eta bloke logistikoetako langileek ere izango dute atsedena urtean gutxienez 8 asteburutan.

Mercadonaren eta hiru sindikatu hauen ordezkariek sinatu dute Enpresako Lan Hitzarmen berria: UGT, CCOO eta SI Sindikatu Independentea. Hazkunde partekatu eta jasangarriaren garrantzia indartzen duen hitzarmen hau 2024ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean eta 5 urteko indarraldia izango du, 2028aren bukaera arte.

Akordioak plantillaren erosahalmena bermatzen du. Oinarrizko soldataren igoera KPIari lotuta dago, % 2,5era arte, eta, handiagoa bada, enpresak % 6ra arte osatuko du igoera hori gehienez, konpainiaren mozkinaren helburuen arabera. Neurri hori bat dator aberastasuna sortzeko eta irabazi partekatuak banatzeko duela urte batzuetatik hona enpresak aplikatzen duen ereduarekin.

Gainera, enpresak bermatzen du sarrerako gutxieneko soldata gordina hilean 1.507 eurokoa izango dela (lanbide arteko gutxieneko soldata baino % 20 handiagoa), eta horri gehitu behar zaizkio, besteak beste, enpresaren ordainsari-politikaren berezko osagarriak; 5. tartera arte urtean % 11ko igoera dakarte, eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino % 60 handiagoak izan daitezke.

Mercadonak aitzindari jarraitzen du sektorean kontziliazio-politikak ezartzen. Hitzarmen berrian, gainera, erlauntzetako (onlineko salmentarako bakarrik diren biltegietako) eta bloke logistikoetako langileei ere badagokie atsedena urtean 8 asteburutan. Ekimen hori 2024an sartuko da indarrean gutxika, eta 2025ean bukatuko da. Ondorioz, neurriak langile gehienei eragingo die. Halaber, 2025ean lanaldia murrizteko konpromisoa hartu du enpresak.

Ruth García Mercadonako Lan Harremanetako zuzendariak nabarmendu duenez, “hitzarmen berri hau Mercadonako kide diren 100.000 pertsona baino gehiagoren gogobetetasuna bermatzeko ahaleginaren emaitza da, haiek baitira konpainiaren arrakastaren eta hazkundearen kausa. Enpresaren kudeaketa-ereduaren oinarria langileak gogobetetzea da, haiek asetzen baitituzte 5,7 milioi etxe baino gehiago (gure “Nagusiak”, Mercadonaren barneko hizkeran) egunero”.

Lola Luna Fernández FeSMC UGTko Merkataritza Sektoreko Estatuko arduradunak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, sektorean eraginik handiena duena baita, eta oso positiboki baloratu ditu negoziazio honetan lortutako akordioak. Akordio horiei esker, Mercadonan lan egiten duten pertsonek sektorearen buruan jarraitu ahal izango dute, ez bakarrik ordainsari ekonomikoei dagokienez, baita lanaldiaren banaketaren eta atsedenaldi kualifikatuen kalitateari dagokionez ere, horrek errazten baitu merkataritza-sektorean hainbeste eskatzen den bezala bizitza pertsonala eta lanekoa kontziliatu ahal izatea. Enpresari eta ordezkari sindikalei eskertu egin die negoziazioan erakutsitako ahalegina eta dedikazioa, aukera eman baitute akordio garrantzitsu hau sinatzeko.

Jose María Martínez CCOOko Zerbitzuen Federazioko idazkari nagusiak honako hau adierazi du: “Uste dugu hitzarmen honek beste behin erakusten duela ezen, elkarrizketa sozialaren bidez, laneko errealitate berriak egokitu daitezkeela alderdi guztien partaidetzarekin: enpresa eta langileen legezko ordezkaritza. Egokitzapen hori eginez, lan-baldintzak hobetuz eta sektoreko enpresarik handienean erosahalmena bermatzen duten soldatak handituz. Nabarmentzekoa da, halaber, Behatokiaren jarraipena —aurreko hitzarmenean sortu zen—, han aztertuko baita lanaldia nola murriztuko den eta nola banatuko den.

“Mercadona SA enpresako lehen lan-hitzarmenetik gaur egunera arte, Sindikatu Independentea partaide izan da hitzarmenen negoziazioan, eta bi ildo azpimarratu ditu: langile guztien erosahalmenari eustea eta enplegu egonkorra sortzea etengabe. Benetako konpromiso soziala! “Sektoreko lan-hitzarmen nabarmenena” dela adierazi du Sindikatu Independenteko idazkari Fermín Palacios Cortesek.

Mercadonak eta sindikatuek Lan Hitzarmen berria sinatu duteUGTko, CCOOko, Sindikatu Independenteko eta Mercadonako ordezkariak Paternako (Valentzia) Jarrods Koberrikuntza Zentroan.